martes, 12 de julio de 2011

Fikzioaren Izterrak, Ur Apalategi



Oraintxe bertan bukatu dut Apalategiren liburua. Oraindik bere ipuin bildumak sortaraziko sentsazioak dauzkat agerian eta, hala ere, zaila egiten zait sentsazio hauek deskribatzea. Pilo bat gustatu izatetik aparte, ez naiz kapaz nire idatzizko euskara traketsarekin pentsatu dudan guztia adierazteko. Baina liburu hau euskaraz besterik ezin da ulertu, beraz sarrera euskaraz egin beharra dago.

Liburuko ipuin guztiak ildo beretik doaz: idazle bat dago, bere bikotea (edota maitale bat, edota maitale bihurtu nahi duen bat) eta euskal literaturarekin zerikusirik daukan gairen bat. Euskal literaturari buruzko ipuinak direla esan daiteke, oso sinple jarrita, baina askoz aberatsago bihurtzen duten detaileak daude ere. Bikoteen arteko erlazioak, adibidez. Euskararekiko jarrerak. Terrorismoaren mundua. Euskalduna eta/edo abertzalea izateak zer esan nahi duen. Hainbat eta hainbat gauza txiki, ipuin bakoitza aurrekoarekin zerikusirik ez izatea lortzen duela, nahiz eta lehenengo momentuan guztiak antzekoak diruditen.

Ez ditut ipuinak izorratuko, ez dut beraiei buruz hitz egingo magia galdu ez dezaten. Nire gustokoena Beste bizitza izan da, dudarik gabe. Guztiz engainatu nau, eta amaiera irakurtzean liburua besarkatu dut, liluratuta. Ergatibu, kontran, pixka bat gorrotatu dut, "talibanak" ez bait zaizkit gustatzen eta ipuineko protagonista nahiko jasanezina egin baitzait, nahiz eta bere "talibanismo" hori euskararen aldekoa izan. Batzuk ziur ez ditudala ulertu, euskal literaturari buruzko kulturarik ez baitut; hala ere, guztien kalitate ukaezina nabaritzen da, behin eta berriro irakurtzeko ipuin hoietakoak.

Ur Apalategi Parisen jaio zen, 1972an. Euskal filologian doktore, Zuzenbidean eta Letra Frantsesetan lizentziaduna, unibertsitateko euskal literaturaren irakaslea da. Horrekin guztia esanda dago: nola jarraitu, ba, ipuinetan agertzen diren erreferentzia guztiak? Gizon honek bere bizitza osoan literatura besterik ez du edan, jan eta arnas hartu. Eta nabaritzen da.

Urrek badauzka beste liburu batzuk, eleberriak kasu honetan. Ia ipuinetan erakutsi duen kalitatea mantentzen dakien obra luzeetan. Uda honetan irakurri behar dudan autore bat, dudarik gabe. Kontatuko dizuet.

Urteak eta urteak dira euskeraz ezer seriorik idatzi gabe nagoela. Barkatu hanka-sartze guztiak. Zuzenketak eskertzen dira (era onean esanda badaude, noski).

No hay comentarios: