lunes, 2 de febrero de 2015

Biodiskografiak, Iban Zaldua


Aspaldin neukan liburu hau etxean, baina ez nintzen animatzen irakurtzera. Musikari buruz zenez, burua bere lekuan izan behar nuen irakurtzeko, diska berriak entzuteko prest, musika berria deskubritzeko irrikitan. Halako boladak ditut, non irratian entzuten den guztiak nekatzen nauen eta abeslari eta talde berriak bilatzen hasten naizen. Zalduaren liburua horrelako momentu baterako gordetzen ari nintzen. 
Eta baita asmatu ere. Liburuan agertzen diren 40 disketatik, erdia edo ezaguna egiten zaizkit (baina ezaguna “a, bai, talde hori noizbait aipatzen entzun dut” moduan, ez diska entzun dudalako), eta besteak guztiz ezezagunak dira niretzat. Batzuk, egia esanda, ni jaio baino azkoz lehenagokoak dira, beraz nahiko normala da nik ez ezagutzea (edo hori esaten diot nik nire buruari, behintzat), baina beste batzuekin ez daukat aitzakiarik. Ez bakarrik hori, Zalduak beraiei buruz daukan ezagupen entziklopedikoak deprimitu egin nau, ni ez baitnaiz inoiz kapaz izan gustatu zaidan talde bati buruz horrelako jakituria biltzen (noski, nik 16 edo 17 urterekin gustuko nituen taldeak aitorezinak dira, “boy’s bands” beteta baitzegoen nire apalategia; horiei buruzko informazioa baneukan, baina musikarekin zerikusi haundia ez zuena). 
Baina disken aipuak aparte, liburu honetan ipuinak ere daude, edo autofikzioak, batzuetan. Hainbat ipuinak Zalduaren tokea dute; zientzia-fikzioa sartzen da, baita euskal gatazka (oso zeharka bada ere), baina batez ere autobiografikoak diruditen ipuinak, askotan fikzioaren muga non hasten den zalantzan jartzen dituztenak. Ipuinen protagonisten istorioak benetakoak ez direla pentsatu behar dugu, baina neurri berean imajinatzen dugu abeslari eta diskoei buruzko informazio guztia egia dela; ez dut denbora hartu —oraindik— Internet arakatzeko datu faltsuen bila, momentuz fidatu egingo naizela erabaki dut. 
Ipuin bat bereziki gustatu zait, nire burua guztiz isladatuta ikusi dudalako (eta, aldi berean, egia dela dakidalako; horrek eragin dit beste guztia sinestera). Bertan Nick Drake-ren Pink Moon diskari buruz hitz egiten da, eta nola, nahiz eta aspaldin hilda egonda, bere kantu batek fama haundia hartu zuen iragarki batean agertzeagatik. Salto egin nuen irakurtzen nuen bitartean, Nick Drake delako, liburu osoan aipatzen diren talde eta abeslari guztietatik, gehien gustatzen zaidana. Eta iragarki hori ikusterakoan ezagutu nuen, hain zuzen ere. Estatu Batuetan bizi nintzen orduan, eta iragarkia jartzen zuten bakoitzean telebistaren bolumena igotzen genuen etxekideek eta hirurok. Letra ikasi genuen, diskoa deskargatu, eta gure afalorduko soinu banda bihurtu zen. “Pink Moon” abestia entzuten dudan bakoitzean, Kaliforniarekin gogoratzen naiz, nire etxekideekin eta musikari buruz geneuzkan solasaldiak, euskal bandak barne (nahiz eta euskaldun bakarra etxean ni izan, nire etxekide bat Gari-ren fanboy hutsa zen).  
Urteak pasatu dira iragarki hori entzun-ikusi nuenetik, eta liburu honek gogora ekarri dit berriro. Hori eta musikari buruz ikasi dudan guztia nahikoa da Biodiskografiak nire inguruko edonorri gomendatzeko. Orain denbora bilatu behar dut irakurritako diska guzti horiek entzuteko, jada hainbeste dakidanez beraiei buruz.